Total Pageviews

Monday, June 06, 2011

Erabaki, ez geroko utzi



Apalategian neukan, hautsa biltzen. 2006an argitaratua izan zen eta 2007tik jada eskuratua neukan, baina gerotik gerora ibili naiz liburua irakurtzeko erabakia atzeratzen, aitor dut. Baina azkenean irakurri dut. Propóntelo, propónselo. Evitar el SIDA liburuaz ari naiz hiru osagilek egindako liburuaz hain zuzen. Jokin de Irala, Matthew Hanley eta Cristina López dira egileak. Garai bateko kanpaina baten parafrasia eginez, egileak ederki azaltzen dute gaixotasun latz hori zertan den. Gaixotasunaren prebentzioaz munduan zehar hartu diren erabakiak eta estrategiak aztertzen dituzte eta modu pragmatiko eta non izan duten arrakasta eta non ez azaltzen digute. Harrigarria da gaixotasun honen tasak non jaitsi diren nabarmenen, datuek erakusten dutenez: “A, B eta C” direlako pausoak kontuan hartu diren lekuetan hain zuzen.

Zeintzuk dira pauso horiek? Hona hemen, labur esanda: “A” pausoa, gaztetxoen artean sexu harremanak Atzeratzea edota, komeni den kasuetan “Abstenitzea” litzateke. Arrisku taldean ez sartzeko begien bistako erabakia da, prentsa txarra duena, baina eraginkorrena. “B” pausoa, berriz, honetan datza: bikoteak elkarrekiko fidelak izan behar dira: ez da osasungarria (ezta etikoa ere) maitasun kontuetan eta sexu kontuetan batzuekin eta besteekin esperimentatzen aritzea, jolas inofentsioboa izanen bailitzan. “C” pausoak, azkenik, honela dio: aurreko pausoak (eraginkorrenak) emateko prest ez bazaude, gutxienez zure bikotea(k) ez kutsatu (zeren zu zeu ziurrenera kutsatu egingo zara) eta horretarako neurri batean preserbatiboak lagunduko dizu. Neurri batean, jakina: ehuneko ehunean ez du beti funtzionatzen eta, gainera ziurtasun faltsu bat ematen dizu: “bera erabilita edozein gauza egin daitekeenarena”.

Estudio honek erakusten duenez, SIDA edo IHESAren aurkako kanpainak preserbatiboaren promozioan soilik oinarritu direnean (“C” pausoan soilik), gaixotasun horrekin kutsatu direnak izugarri handitu dira. Afrika eta beste kontinenteetako hainbat herrialdetan izandako eboluzioak erakusten dizkigute egileek, modu dibulgatibo ulerterrazean. Ostera, “A eta B” pausoak azpimarratu diren herrialdeetan –Uganda izan zen kasu horietako bat, batez ere 90ko hamarkadan– kutsatutakoen portzentajeak nabarmen egin zuen behera.

Hainbat osasun erakundek hiru pauso hauek (A, B eta C) azpimarratzen dituzte, behin eta berriz, nahiz eta sarritan “C” pausoa soilik bultzatzen den, interes jakin batzuek bultzatuta eta herritarrei usteldutako informazioa ematen zaien bitartean, hainbat uzta penagarri bilduz. Horretaz guztiaz mintzo da liburu irakurterraz hau, hamaika datu zehatz emanez.

Eta bitxia da –hara kasualitatea!–, hain zuzen ere Eliza da “A eta B” pausoetan Maisu: kastitatearen balioa eta edertasuna aldarrikatzen eta irakasten duelako (A) eta ezkontzaren fideltasunaren bultzatzaile onena delako (B). Elizaren irakaspenei kasu egin zaien herrialde eta giroetan gaitz izugarri horrek ez du zabalpenik izan. Horregatik are eta harrigarriagoa da zenbait sektoretik Elizari egin dizkioten kritikak, kritika manipulatuak, esanez Bera dela gaitz horren zabalpenaren erruduna. Hori guztia deuseztatu egiten da liburu sinpatiko hau irakurtzen baduzu, irakurle. Ez egin nik bezala, eta ez gerotik gerora ibili: irakurri lasai lehenbailehen eta gozatzeaz gain zure kriterioa edo irizpidea aberastuko duzu hain garrantzitsua den alor batean. Ni damu naiz lehenago irakurri ez izanaz... edo, modu positiboan esanda, poztu naiz irakurri izanaz!

No comments: