Total Pageviews

Monday, June 06, 2011

Komentarioak...



Blog hau inork gutxik irakurtzen duenez, zilegi zait kontatzea. Nire urrutiko eta gertuko haurride batzuekin bazkaltzea tokatu zitzaidan. Urrutiko haurride horiek ez dira gaiztoak, ez. Gauza on asko dituzte, baina gabezitxo batzuk ere bai: tartean kristau fedearen “praktika” utzia dutela. Jakina, badute sarritan errepikatzen dituzten zenbait lelo, koartada bezala. Adibidez, honakoa: “Vatikanoko “aberastasunak” salgai jarriko balituzte, berehala amaituko litzateke munduko gosea”. Sarritan entzun izan dudan komentarioa. Ez dakit zer imajinatzen duten: klerigo koadrilla bat han Vatikanoan, luxuz inguraturik, atsegin patsetan. Eta, jakina, irudi hori onartezina da, “beraz” nola nik fedea praktikatu? Gainera, eurek Eliza, gehien jota ere, ONG soil bat bezala ikusten dute: agian horixe izan delako azken hamarkadetan zenbait klerigorengandik entzun duten mezua.

Tira, badago azaltzea Vatikanoan dauden “aberastasunak” arte lanak direla, gehien gehienak kristautasunari lotutakoak. Zentzuzkoa da Jainkoa gurtzekoak diren lan horiek Elizaren egoitza nagusian egotea. Hala begitantzen zait, behintzat. Gainera, “aberastasun” horiek gastuak dakartzate: zaindu behar dira, konpondu, eta abar. Ez dakit oso errentagarria den horiek guztiak edukitzea.

Baina, zertarako horrelako azalpenetan sartu? Haurride horiek horrelako komentarioak egiten dituztenean, telebistan Aita Santu baten beatifikazioari buruzko zerbait entzuten dutelarik, ez dute errealitate hori aztertu nahi. Aitzakia bat aireratzen dute, eurak sinismen-bizitzatik urruti daudela-eta, beren egoera zuritzeko.

Ingalaterrako errege-ezkontza ikusten aritu direla, hori bai, eta ez zaie bururatzen ezkontza horretan zenbat diru xahutu den: desfileak, prestakuntzak, hedapen mediatikoa, jantziak, bertaratutako kazetariak, munduko agintariek egindako bidaiak eta erreserbatutako hotelak... Zer esanik ez gerrarako erabiltzen diren tramankuluak aipatzen hasten bagara: punta-puntako hegazkinak, gerra-itsasontziak, misilak... Beraietan xahututakoaren hamarren bat (ehunen bat!) nahikoa izango zen Vatikanoko “aberastasun” guztiak erosteko eta dirudun horien etxeetara (jauregietara) eramateko. Zer polita, ezta? Michelangeloren Pietatea Berlusconiren txalet batean, edo Caravaggioren lan bat Sarkozyren jauregi batean... bitartean kristauok lan eder eta erlijiozko horiek bertatik bertara ikusi ezinik...

Baina azalpen hau luzeegia irudituko litzaieke, eta bigarren segundoan arreta galduko lukete, edota txisteratik beste aitzakia bat aterako lukete. Kontua da sinesmenarekiko errefraktantea izatea, kontua da gu maite gaituen Jesusengandik “babesteko” aitzakiazko oskola bat jartzea.

Tira, ez ditut epaitu nahi. Denok gara ahulak. Nik, haien alde errezatzen jarraitzen dut, eta ahalik eta ondoen (kariñoz, ahal bada) tratatzen ditut. Ea noiz edo noiz oskola hori gastatu eta permeable bilakatzen diren, Jesusen maitasuna noiz edo noiz dasta dezaten eta bere Pizkundeaz, haiek ere, poztu gaitezen.

No comments: