Total Pageviews

Monday, June 20, 2005

Ecclesia in Europa (III)

“Itxaropenaren Ebanjelioa iragartzea” (III. kap.) egokitu zaigu Europako kristauoi. Izan ere, gure sorbalden gainean ezarri du Jainkoak ardura gozo eta larri hau: “Zoaz eta hartu itsas gainean eta lehorrean zutik dagoen aingeruak eskuan duen liburu irekia […] Tori eta irentsi” (Ap 10, 8-9). Sakontasunez gurenanatu ondoan soilik, izanen dugu aukera bertzeei helarazteko.
Hala da: nahiz eta gurean kristautasuna aspaldi errotuta egon, ebanjelizatze berriaren premian gaude europarrok. Are gehiago: leku eta giro batzuetan ebanjelitzatze berria ez ezik, aurreneko ebanjelizatzea behar da. Gero eta gehiago dira bataiatuta ez dauden europearrak: batzuk, etorkinak izaki, bertze erligionetatik datozelako; bertzeak, orain gutxira arte erregimen komunistetan bizi izan direlako; eta badira jende franko axola gutti duena arbasoen fedearekiko. Beren burua kristautzat duten anitzek ere ez dute kristautasuna ezagutzen: Kristo existituko ez balitz bezala bizi dira eta sinesmenaren noziorik oinarrizkoenak ez dituzte ezagutzen.
Horregatik kristautasunaren mezua zintzotasunez hedatzea tokatzen zaigu. Batez ere, Jesusen pertsonarengan ardazturik. Baina Bere osotasunean aurkeztuta: ez eredu etiko bezala soilik; baita Jainkoaren Seme, guzien Salbatzaile eta Elizaren gidari bezala ere.
Nola eginen dugu hori XXI. mendeko kristauok? Lehenengo eta behin, gure bizitzaren testigantzarekin. Ez baldin badugu altxor hau gure buruan eta gure bizitzan mamiturik, zaila izanen da. Gure sinesmenak heldua izan behar du, eta pertsonala (ez irudimenezko pertsona batendako —ez baita existitzen—: neronendako). Horretarako otoitza eta kristau formazio egokia izatea komeni zaigu: teologikoa, morala… gure ohituretan oinarritua.
Modu horretara, gure kultura ere ebanjelizatu eginen dugu: familia, eskola, politika, aisialdia, osasuna eta gaixotasuna. Eginkizun honetan unibertsitateak zeregin erabakiorra dauka bere “zerbitzu intelektuala” ezinbertzekoa baita.
Berriz ere, Aita Santuak gazteongan jarri du bere arreta, Ecclesia in Europa izeneko Oharpen Apostolikoan ageri denez. Guregan pentsatseari ez zaiola uzten ahal gogorazten du. Absolutoa, benetazkoa den zerbait bilatzen dugu; sinesmena, balio duen bizimoduaren bila ari gara. Kristautasunean aurreratzeko tenorean, guri exigitzeko beldurrik ez dela izan behar baieztatzen du. Jesusi jarraitzeko santutasun bidean laguntza bai, “merkealdirik” ez. Munduko Gazte-Jardunaldietan Joan Paulo II.ak gure aurpegi alaiak ikusi ahal izan ditu eta hori bertze zeinu bat da Espiritu Saindua ez dela nekatu hainbat arimengan Bere kemena txertatzen.
Hau guzia eta xehekiago azalduta, aipatutako aholku apostoliko honen III. kapituluan. Jarraituko dugu.

No comments: