Total Pageviews

Monday, June 20, 2005

Ecclesia in Europa (VI)


“Hiri santua ikusi nuen, Jerusalen berria, zerutik jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua” (Ap 21, 2). Horixe bera izatera dago deitua Europa: “Jerusalen berria” izatera, hain zuzen.

Sekula baino oparotasun hoberenean bizi da Europa, baina badirudi, batasun ekonomikoa indartuz doan arren, balioen krisian dagoela sartuta; izan ere, elkarlanean edota auzolanean egiatan aritzeko kemena falta zaio. Itxaropena balio eskasa dugu gurean. Honen aitzinean, geure benetako izaera, geure zinezko identitateari eusteko erraten digu Aita Santuak. Europaren erroak kristauak izan direlako, hain zuzen, kapaz izan gara historian zehar kultura ezberdinetako herriak batera aritzeko, “auzolanean” proiektu handiak burutu ahal izateko. Europako herri guziek —Euskal Herria barne— kristautasunaren herentzia jaso dugu. Espero izatekoa da, Europa hedatuz joan ahala, “herri guztiekiko errespetua zaintzea, bakoitzaren historia- eta kultura-berezitasunak zein nazio-nortasunak balioetsiz; izan ere, horrela herrialde berrien ekarpenak bideratuak izanen dira eta elkartasuna zein subsidiaritate printzipioak praktikan jarri ahal izanen dira” (110. ptua.).

Hala da: Eliza unibertsala tokian tokiko eta kultura adierazpen desberdindun komunitateetan errotzen da, baina bere erroak ez dira komunitateotan agortzen; Komunitate bakoitza bertzeei irekita baldin badago orduantxe konturatuko da gehiago dela batzen gaituena bereizten gaituena baino (116. ptua.).

Une honetan Europa eraikitzen ari da. Kristauok ezin dugu lozorroan egon. Joan Paulo II.ak erraten digu kristauok Europako erakundeetan egon behar dugula, geure ikuspegi kristaua hainbat eta hainbat proiektutan gauzatu dadin, beti ere gizon eta emakume bakoitzaren errespetuaren zerbitzuan, elkarbizitzaren zerbitzuan eta ondasun komunaren zerbitzuan. Errate baterako, Europaren Konstituzioa eginkizun dago une honetan. Guztiz zentzuzkoa ―eta zuzena― litzateke bertan erlijio- eta, bereziki, kristau-ondareari erreferentzia bat egotea.
Europa honek dimentsio erlijiosoa behar du, Jainkoaren eskuak ukitua izan behar du eta horregatik kristauok Europaren eraikuntza honetan, eragileak ez ezik, proiektu horren “arima” izatera deituak izan gara. Horrela, gure izaerari dagozkion eskubideaz zaintzeaz gain, Munduari egiten ahal diogun kontribuziorik onena eskainiko diogu.

No comments: