Total Pageviews

Monday, June 20, 2005

Ecclesia in Europa (VII)

Hondarrera ailegatu gara. “Ecclesia in Europa” izeneko Oharpen Apostoliko honek sei kapitulu ditu, eta oraindainoko artikuluetan berauei buruzko ideia nagusiak agertzen ahalegindu naiz. Oraingo honetan, “Ondorioa” izenburudun atalari erreparatuko diot.

“Mariari kontsakrazioa” du azpititulutzat eta bertan Apokalipsiaren irudia agertzen zaigu: “Eta ezaugarri handi bat agertu zen zeruan: Emakume bat eguzkiz jantzita” (Ap 12, 1). Elizaren irudia da, baina irudi honek Ama Birjina gogorarazten digu, batez ere oinazez alderik alde zeharkatuta zegoelarik, Gurutzearen pean bere Semea berriz ere “sortu” zuenean. Europako Eliza Mariari begira jarri behar da berriro, bertze garaietan bezala; izan ere, kristau bakoitzaren bidaide dugu bera. Hona hemen Aita Santuak Ama Birjinari egiten zion otoitza:

Maria, itxaropenaren Ama,
lagun gaitzazu bidean!
Erakutsiguzu Jainko bizia aldarrikatzen;
lagundu Jesusen berri ematen,
egin gaitzazu lagun hurkoaren zerbitzari,
pobreekiko adikor, justizia egile,
mundu zuzenago baten eraikitzaile;
historian barrena, Aitaren borondatea beteko dela jabeturik, eragin nahi dugunon alde izan zaitez gure bitartekari.
Mundu berriaren Egunsentia zaren horrek,
itxaropenaren Ama zarela agertu egizu
eta zaindu gaitzazu!
Zaindu Eliza Europan:
izan dadila Ebanjelioaren isla;
elkartasun gunea izan dadila;
itxaropenaren Ebanjelioa iragarri, ospatu eta zerbitzatzeko misioa bete dezala, guzion bake eta poztasunerako.
Bakearen Erregina,
hirugarren milurteko gizadia babestu ezazu!
Zaindu kristau guziak:
batasunaren bidetik tinko jarrai dezatela,
Kontinentearen elkartasunaren hartzigarri.
Zaindu gazte jendea, geroaren itxaropena:
Jesusen deiari eskuzabal erantzun diezaiotela;
Zaindu nazioen arduradunak:
Denontzako etxea eraikitzen tematu daitezela,
non guzien duintasun eta eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Maria, emaguzu Jesus!
Egizu Bera jarrai eta maita dezagula!
Bera da Eliza, Europa eta gizateriaren itxaropena.
Bera gurekin bizi da,
gure artean, bere Elizan.
Zurekin diogu
“Zatoz, Jesus, Jauna” (Ap 22, 20):
Berak gure bihotzetan isuri digun betiereko itxaropenak justizia eta bakezko fruituak eman ditzala.

No comments: