Total Pageviews

Monday, June 20, 2005

Ecclesia in Europa (V)


“Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eramapena” (Ap 2, 2). Horrela hasten da “Ecclesia in Europa” dokumentuaren bosgarren kapitulua. Eta hasiera-hasieratik proposatzen zaiguna hauxe da: maitasunaren bidea. Maitasuna: hitz honek ―hau nik diot— erabiliaren erabiliaz sarritan esanahia gastatua dauka, desitxuratua. Hain desitxuratua non batzuek karitatea eta maitasuna kontrajartzen baitute. Baina maitasunetik sortzen da gizakiaren itxaropena. Gizakia ezin da maitasunik gabe bizi. Bizitzak ez dauka zentzurik maitasunik gabe. Horregatik Europear bakoitzaren erronka da Jainko Aitaren eta Kristoren maitasuna deskubritzea Espiritu Santuaren bidez ematen zaiguna. Jainkoak maitatu gaitu (ni maitatu nau) lehenago, Berak eman du aurreneo pausoa: “Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik” (1 Io 4, 10).
Maitatuak izan eta sentitu gabe oso zaila da maitasuna eskaintzea, boluntarismoaren bidetik ez bada. Baina, hain zuzen ere, zeruko Aitarengandik maitasuna erruz (infinituki) jasotzen dugulako daukagu agindu hau: “Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar” (Io 13, 34).
Aita Santuak gogoratzen zigun jarraitu behar dugula pobreei, gaixoei eta behar izanetan daudenei gure laguntza eskaintzen. Elkartasunaren kultura da bultzatu behar dena, bere benetako zentzuan sakonduz. Aurrea hartu behar zaie hainbat eta hainbat pertsonen egoera larriei eta irudimena horretara bideratu. Izan ere, gizaki bakoitza da gizartearen gunea eta hari zor diogu gure zerbitzua (ez alderantziz).
Arreta berezia eskaintzen zion Ioan Paulo II.ak ezkontza eta familiari. Beren izaerari buruzko egia aldarrikatzea dagokigu Europako eliztar guztioi eta horretarako Ebanjelioa bera dugu oinarri. Izan ere, arront bortitzak dira jasan dituen erasoak: egitezko-elkarbizitzaren maila berekotzat ematen saiatzea, naturaren aurkako bikote-ereduen maila berean jartzea, eta abar. Familiaren misioa ezinbestekoa da Elizaren barruan: bera da bizitza eta maitasunezko komunioia, beti ere pertsona berriak elkar-sortzera irekita dagoena. Horregatik Senargai eta andregaiei maitasunerako heziketa egokia eskaini behar zaie, Ezkontzaren ospakizunera kastitatearen bidez bideratuz.
Bizitzaren Ebanjelioa da gure ardurapean dagoena eta elkarlana egin behar da kontzientziak bizitzaren alde mobilizatzeko. Alde batetik, bizitzaren kontrako erasoak gelditzen ahalegindu behar gara: hilketa, abortoa, eutanasia, giza enbrioiekin egindako esperimentuak (edo sarraskiak)… Gure etorkizuna bizitzaren aldeko borroka honen araberakoa izanen da. Izan ere, Europa zahartzen ari da. Zergatik? jaiotzak beheraka doazelako. Horretan esperantza falta eta heriotzaren kultura nabari dira. Kristauoi itxaropenaren giltza eman zaigu: izan gaitezen eskuzabalak.

No comments: