Total Pageviews

Tuesday, June 14, 2005

Edozein katolikok erantzuten jakin beharko lituzkeen esamesak (I)

Deal Hudson estatubatuar katolikoa dugu, familia baten guraso eta teologia kontuetan aditua. Zenbait web-orritan parte hartzen du. Horietako bat www.crisismagazine.com dugu. Artikulu batean kristautasunaren kontrako zenbait esamesi erantzuten die, eta gure fedea esames ganorabako horiei erantzuteko arrazoi batzuk ematen dizkigu.

1. Ez dago egia absoluturik. Zuretzat egia dena niretzat egia ez izatea gerta daiteke…

Jendeak argumentu hau sarritan erabiltzen du, batez ere baieztapen batekin ados ez dagoenean edota bere ideiari eusteko bestelako baliabiderik ez duenean. Azken finean, mundu osoarentzat ziurra den deusik ez badago, orduan nahi dutena sinesten ahal dute eta ezin diozu deusik esan iritziz alda dezan. Baina itzul gaitezen honako baieztapenera: “Ez dago egia absoluturik”. Ez al da hau berau baieztapen absolutu bat jada? Beste hitzetan, honek pertsona orori arau estandar bat ezartzen dio (hain zuzen ere erlatibistek errefusatzen dutena). Horrela, bere teoria adierazteko tenorean bertan, beren argumentua deuseztatzen dute.
Baieztapen horrek daukan beste arazoa hauxe da: erlatibistek eurek ere ez dutela hori sinesten. Esango balute “ez dagoela egia absoluturik” eta segituan sabelean ostikada bat emanen bazenio, ziurrenera txartzat hartuko lukete. Baina euren konbentzimenduen arabera, onartu beharko lukete haientzat sabelean ostikadak ematea txarra bada ere, niretzat ona izan daitekeela. Une honetan, hasierako baieztapenari emendakin bat eransten diote hauxe erraten dutelarik: “Inori minik egiten ez diozun bitartean, nahi duzuna egin eta pentsatzeko libre zara”. Baina bereizketa arbritarioa da (eta berriz ere, absolutua). Nork erraten du ezin diodala bertzeari minik egin? Nondik dator arau hori? Baieztapen hau norberaren preferentzien arabera egiten bada, orduan bertzeendako ez du balio. Berez, “minik ez egiteak” zerbait handiagori egiten dio erreferentzia, giza pertsonarentzako duintasunen bati. Baina, non dago duintasun honen iturburua?
Bistan denez, kontu hauetan zenbat eta gehiago sakondu, hainbat eta gehiago konturatzen gara “egia” eta “ontasun” kontzeptuak ez direla arbitrarioak: egia unibertsal batean oinarrituta daude, gu baino haratago doan zerbait handiagoan, gure izatean “idatzita” dagoen egia baten oinarrituta, hain zuzen. Agian egia bere osotasunean ez dugu ezagutzen, baina ezin dugu bere existentzia ukatu.

No comments: