Total Pageviews

Tuesday, June 14, 2005

Edozein katolikok erantzuten jakin beharko lituzkeen esamesak (II)

“Kristautasuna ez da beste sinesmenak baino hobea. Erlijio guziek Jainkoarengana eramaten dute”

Gutxienez dozena bat aldiz entzuna izanen duzue baieztapen hori. Zoritxarrez, hori esaten duena kristaua (izenez behintzat) izan ohi da anitzetan. Ikuspegi honen arazoak begi bistakoak dira. Kristautasunak Jainkoa eta gizakiari buruzko baieztapen batzuk egiten ditu: Nazareteko Jesus Jainko berbera zela, hil eta berpiztu zela gure bekatuetatik askatuak izan gintezen. Bertzelako edozein erlijiok puntu hauek guziak ukatzen ditu. Gauzak horrela, kristautasuna zuzena bada, orduan munduarendako egiarik premiazkoena esaten du, bertze erlijioek ukatzen duten egia, hain zuzen. Honek jada kristautasuna parekaezina bilakatzen du.
Baina kontua ez da hemen bukatzen. Gogora dezagun Ioanen Ebanjelioan agertzen den Jesusen aldarrikapena: “Ni naiz bidea, egia eta bizitza; Aitarengana ez doa inor, neure bidez izan ezik”. Ebanjelioan Jainkoaren errebelazio osoa daukagu, gizateriari emanikoa. Ziertoa da erlijio guztiek neurri bateko egia dutela (erlijioaren arabera desberdina da neurri hori). Baina, Jainkoa jarraitu eta goratu nahi badugu, Berak adierazi zuen moduan ez al dugu egin behar? Jesus benetan Jainkoa bada, orduan kristautasunak soilik dauka egia horren osotasuna.

“Ez dut zertan elizara joan, nahikoa da pertsona ona izatea: horixe baita benetan axola duena”

Argumentu hau maiz erabiltzen da eta xalotasun gutxi izan ohi du. Norbaitek pertsona ona dela esaten duenen, benetan adierazi nahi duena da “pertsona txarra edo gaiztoa” ez dela. Jendemodu gaiztoa erlazionaturik omen dago hiltzaile, bortxatzaile edota lapurrekin. Jende gehienak ez du ahalegin handirik egin behar bekatu horiek saihestearren, eta horixe da kontua: ahalik eta esfortzurik gutxiena egin nahi dugu, halamoduz aitzina joateko. Ez du iduri oso kristaua denik, ezta? Baina pentsaera hauek albo batera lagata, bada arrazoi bat zeinengatik kristauak elizara joaten baitira (hara joatean ariketa fisikoa egiteaz gain). Meza gure bizitzaren giltzarria da, sinesmena haren bihotzean baitatza, Eukaristian, alegia. Katolikoendako bizitza ororen iturburua da; izan ere, guk sinesten dugu bertan ogia eta ardoa Kristoren gorputz eta odola bilakatzen direla. Jainkoa fisikoki presente egiten da guregan, otoitzaren bitartez soilik esperimentatu ezin dugun era batean.
Jesusek hauxe erran zuen: “Bene-benetan diotsuet: Gizasemearen haragia jaten eta beronen odola edaten ez baduzu, ez duzue zuengan bizitzarik izanen. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duenak, betiko bizitza dauka, eta neuk biztuko dut halakoa azken-egunean” (Io 6, 53-54). Agindu horri ohore egiten ari gatzaizkio eta promesa horrengan sinesten ari gara Mezatara goazen bakoitzean. Are gehiago, Eukaristia (eta beste sakramentuak) Elizan daudenei soilik ematen zaie. Elizaren kide bezala (Kristoren Gorputza hemen, lurrean), gure bizitzak elkarri estuki lotuta daude Eliza horretan. Gure Jainkoarekiko erlazio pertsonala ezinbestekoa da, baina Kristoren Gorputzaren kide bezala erantzukizunez bizitzeko ardura ere badaukagu. “Pertsona ona” izatera mugatzea ez da nahiko, beraz.

No comments: