Total Pageviews

Friday, June 17, 2005

Edozein katolikok erantzuten jakin beharko lituzkeen esamesak (V)

“Elizak Jesus benetan jarraituko balu, bere luxuzko arte lanak zein arkitektura ondasunak saldu eta dirua behartsuei emanen lieke”

Pertsona batzuei aberastasunez beteriko erreinu bat begitantzen zaie Vatikanoko Hirian pentsatzean: jauregi kutsuko gelak, urregorriz beteriko kutxak nonahi gordeta, arte bilduma paregabeak… Honela ikusita ulertzekoa da batzuk sutan jartzea ikusirik ondasunak barra-barra xahutu egiten direla bertan. Baina egia oso bestelakoa da. Eraikin nagusi batzuk “Vatikano Jauregia” deitzen diren arren, ez ziren Aita Santuaren egoitza izateko eraiki. Vatikanon bizitzeko lekua nahiko txikia da. Vatikanoko zatirik handiena arteari, zientziari, Elizaren administrazio lanei eta Jauregiaren kudeaketari eskainita dago. Elizaren administrazio-langile batzuk Vatikanon bizi dira. Horrela leku hau Elizaren bulego bilakaturik dago.
Arte bildumari dagokionez, zinez munduko onenetakoa, Vatikanok “trukatu ezinezko altxortzat” dauka, baina ez diru kontuaren ikuspuntutik. Aita Santua ez da arte lan horien “jabea” eta, nahita ere, ezingo lituzke saldu. Egoitza Santua arduratzen da haiek zaintzeaz. Arteak ez dio Elizari aberastasunik ematen, alderantziz baizik. Egoitza Santuak bere baliabideen zati bat bilduma hori zaintzen erabili behar du. Kontua da Egoitza Santuak oso aurrekontu mugatua duela. Orduan, zertarako artea zaindu? Erantzuna Elizaren betebeharreko batean oinarritzen da, mundua zibilizatzeko indarra den aldetik. Erdi Aroko monjeek testu zaharrak trasnkribatu egiten zituzten bezala (ondoko belaunaldien esku egon zitezen, bestela galduko ziren), Elizak ere arte lanak zaintzen jarraitzen du denboraren ahanzturak eraman ez ditzan. Gaurko heriotzaren kulturan, “zibilizazioa” terminoa oso gutxitan erabil daitekeen honetan, Elizaren misio eraikitzailea eta zibilizatzailean inoiz baino garrantzitsuagoa da.
Bestalde, sinesmen-asmoaz egindako arte-lan horiek, katekesi balio izugarria dutenak (balio artistikoaz gain) edozein aberatsen bilduma partikularrean igarotzea ez litzateke mesede polita izango munduko artearentzat.
Bukatzeko, har dezagun arte-lan horietako bat saltzen dela eta dirua lortu. Bada ziur nago edozein probintzia apaletako Kutxak erabiliko balitu bere irabazien %0,7 elkartasunezko proiektuetan, askoz gehiago izango litzateke termino absolutoetan ere (Galdetu bestela Caja Navarra,Gipuzkoako Kutxa, Bital Kutxa edo BBKri) proiektu horretan sartutako dirutza. Elkartasuna haiei ere eskatu behar zaie, ez?

No comments: