Total Pageviews

Friday, June 10, 2005

Kristau gizatasuna eta Eusko Alderdi Jeltzalea


Euskaldunak historian zehar esaera zaharren maitaleak izan dira. Esaera zahar edo atsotitzen liburu batean bi aurkitu ditut, gai beretsuaren inguruan: “Etsaiak zigorrez, lagunak on onez”; eta bigarrena “Egizak on, zeini egiten dioan beitu gabe”. Antzerako gaia ukitu arren, ikuspegi desberdinekoak dira. Lehenengoa, gure natura ustelduak eskatzen diguna da: hori edozeinek egiten daki. Judutarrek ere, Itun Zaharrean behintzat, horren aldekoak ziren (begia begiaren ordain). Bigarrenak kristautasunaren ohiartzun bat ekartzen digu gogora. Zailagoa da betetzen, baina gizatasunaren distira askoz ederragaoa da, inondik ere.
Gizatasun mota asko dago gure munduan. Badago gizatasun existentzialista, badago beste bat komunista dena, aurka-gizatasuna ere badago,… Aukeran ditugu gizatasunak. Baina nik, Eusko Alderdi Jeltzaleak bere historian zehar jorratu eta izan duen kristau humanismo edo gizatasunari heldu nahi diot.
Ezin da ahaztu alderdi honen sortzaileak zuen mundu-ikuskera. Hainbat adierazpen ekartzen ahal ditugu gogora. Begibistakoenak alderdiaren izenburuan eta ikurretan gelditu dira. Jakina denez, Eusko Alderdi Jeltzalea izenburuak, sigla batzuk gordetzen ditu hirugarren hitzaren baitan: J.E.L.. “Jaungoikoa eta Lege Zaharra” ematen dute aditzera. Horra hor, ezaguna izanagatik ere, ahaztu ezin den kontu bat: Sabino Aranak kristautasunari berebiziko garrantzia eman nahi zion. Are gehiago, “Jaun-Goikua” hitz konposatua “Lagi-Zaŕa” sintagmaren aurretik jartzeak bazeukan bere zentzua: “El ir Jaun-Goikua antes que Lagi-Zaŕa, quiere decir que la legislación bizkaina debe supeditarse en un todo a las leyes religiosas y morales” . Jakina, alderdiaren ideologia ez omen zetorren sinesmena ordezkatzera, baina bai sinesmen hori modu (eztabaidagarri, baina zilegi) batean euskal lurretan gauzatzera. Gaur egun Euskal Herriaren ikurra den ikurrina ere (barkatu errepikapena), alderdi honen sortzailearen isla da. Ageri-agerian dagoen gurutz zuriak “Jaungoikuari” egiten dio erreferentzia, kristautasunari.
Gatozen Nafarroara. Nork jartzen du zalantzan Manuel Irujo bezalako jeltzale baten erreferentzia? Lizarratar honek, bai alderdian bai nafarroako politikagintzan ezinbesteko ikurra izan da. Berak ere maite zuen aipatzen ari garen kristau gizatasun hau. Asko eta asko dira bizitzaren ikuspegi honi egiten dizkion aipamenak. Aipamenak ez ezik, bere zereginaren argi eta gidari izan zela esan dezakegu. Erbestealdian gizatasun honetan sakondu zuen. Ez luzatzearren, honi lotutako artikulu bat aipatuko dut: “Nuestro amigo Maritain” . Jacques Maritain (1882-1973) itzal handiko filosofo eta humanista izan genuen Frantzian. Dudarik gabe, kristau gizatasun hau irauli eta berpiztu zuenetako bat, pertsonaren duintasuna aldarrikatu nahian. Manuel Irujok artikulu horretan, gogoratzen du, besteak beste, Maritainek salatu egin zuela argi eta garbi Espainiako gerra zibilean egindako sarraskiak eta bidegabekeriak, batzuek marxismoaren izenean eta beste batzuek erlijioaren izenean. Zehazki, Gernika eta Durangoko bonbardaketak aho-bizarrik gabe salatu zituen, bai eta guda bati “Cruzada” izena jartzea: hain zuzen, kristautasunari egiten ahal zaion saldukeriarik handienetako bat.
Bi izen baino ez ditut aipatu (Sabino eta Manuel) dagoeneko, baina ehundaka aipa nitzakeen, alderdi honen historian bere kristau gizatasunarengatik nabarmendu direnak anitz izan baitira. Horietako asko joan zaizkigu jada. Gehienak sinesdunak izan dira (eta dira). Batzuen batzuk, beharbada, ez. Baina guztiek ikusi dituzte kristau gizatasunean gizarte duin eta zuzen bat eraikitzeko baloreak.
Jarrera honek ondorio asko izan ditu politikagintzan. Eman ditzagun, azkar eta gainetik bada ere, adibide gutxi batzuk. Esan ohi da, eta hauxe da Sabino Aranaren kontrako kritikarik errepikatu eta nabarmenena, jeltzalezaletasuna bere sorreran arrazista izan zela. Alderdi hau sortu zen garaian, gaur egunerako arrazista ziren baieztapen franko egiten ziren bazter guztietan: errepublikanismoan, Espainiako tradizionalismoan, eta abarrean. Hori kontuan izanik ere, ezin da ukatu Sabino Aranaren testuetan gaur egun eusterik ez dagoen baiztapenak daudela. Esaterako, espainiarrei moralgabekeria guztiak leporatzea, edota nahiago izatea (aberriaren eraikuntzarako) euskotar erdaldun bat, kanpotar euskaldun bat baino. Baina honelako jarrerak, zorionez, aspaldi gaindituak izan dira EAJn, besteak beste, kristau gizatasun bat nagusi izan delako hainbat jeltzaleren jardunean eta pentsamoldeetan.
Beste adibide bat: berrogeita hamarreko hamarkadan ETA sortu zen. EAJk, ostera, bide armatuari ez ekiteko erabaki gardena hartu zuen hasiera-hasieratik; besteak beste, gizalegearen aurkako jarduera zelako (bere burua denfendatzeko gai ez den bati erasotzea, edota balizko nazio baten izenean pertsonak akatzea). Era berean, zein da EAJk terrorismoaren jarduera salatzeko darabilen argumentu nagusia? Giza eskubideak ez errespetatzea, bizitzaren eskubidea sakratua izanik. Nondik dator balio edo printzipio hau? Marxismotik? Bai, zera! Marxismoan norbanakoa (pertsonaz ezin da hitz egin), proletargoaren iraultzaren zerbitzuan dagoen elementu bat baino ez da. Norbanako horren bizitza ez dago gorengo mailan, beste elementu batzuen pean baizik.
Aipa dezagun beste printzipio edo balore bat: subsidiariotasuna. Alderdi honen abertzaletasuna printzipio honetan oinarritzen da neurri handi batean herri honen burujabetza eta eskubideak aldarrikatzerakoan. Izan ere, subsidiariotasuna dela medio, pertsonak ez ezik, komunitateak ere garaile ateratzen dira, bizitza arruntaren kudeaketa eta administrazioa modu erangikorragoan burutzen direlako (estatu zentralizatu batean baino). Bada, subsidiariotasuna, ez dezagun ahaztu, Eliza Katolikoaren gizarterako dotrinan elementu giltzarria da, hainbat dokumentu eta entziklikatan azpimarratua: Rerun novarum (1891), Quadragesimo anno (1931), Laborem Exercens (1981), Solicitudo Rei Socialis (1987), Centesimus Annus (1991)... Printzipio honi esker, elkartasuna betetzen da eta norbanakoek zein bitarteko taldeek zilegizkoa zaien autonomia ez dute galtzen . Elizaren esanetan, printzipio hau biziki garrantzitsu, mugaezin eta aldaezina da. Ez da zilegi norbanakoei edota talde txikiei eurek euren ekimenez burutzen ahal dutena kentzea. Printzipio honen bidez, pertsona eta talde bakoitzari aitortu behar zaio bere ahaleginez egin dezakeena. Horrela, elkartasuna askatasunez eta erantzunkizunez biziko da, betiere modu eranginkorragoan. Autoritatea ez ezik, giza eraginkortasuna ere garaile aterako dira modu honetara . Ez estatuak, ez inongo gizartek ezin izango du bitarteko talde edo komunitateen ekimena zapuztu, ez eta ordezkatu (eurek jarduten ahal duten esparru eta mailetan), eta talde zein komunitate txiki horiek duten askatasun esparrua ezin da deuseztatu .
Arestian aipatutako subsidiariotasuna azken estatutu politikoaren proposamenean (Ibarretxeren plana deiturikoa) sustraietako bat da: bost aldiz aipatzen da. Giza eskubideak, lankidetza printzipioa eta leialtasuna aipatzen dira testu horretan. Giza baloreak dira, zalantzarik ez dago, kristautasunak aspalditik landu eta proposatuak zeuzkanak, nahiz eta terminologia zaharrean “bertuteak” izenarekin ezagunak izan.
Honenbestez, bukatu dira gain honen gainean trazaturiko nire zertzelada apurrak. Barka biezait irakurleak gai honen zabaltasuna xehetasunez marrazten asmatu ez badut. Kristau gizatasunaren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen arteko harremanetan historian zehar izan den markoa ahazturatik berreskuratzen ahalegindu naiz. Besterik ez. Jarraituko du.

No comments: