Total Pageviews

Wednesday, June 08, 2005

XX. mendeko santak (III)

Victoria Díez Bustos de Molina (1903-1936)



Sevillan jaiotakoa dugu oraingo santa hau. Txikerra, bizia eta alaia. Osasun onekoa ez zen arren, beti zegoen prest besteei laguntzeko. Bere ama gaixoa laguntzearren goizean goiz esnatzen zen eta etxeko lanak aurreratuta uzten zituen unibertsitatera joan aurretik. Unibertsitatean maistra ikasketak burutu zituen 1924an, eta baita Arte Ederretakoak 1926an. Nahiz eta oso gogokoa ez izan, berak artea nahiago baitzuen irakaskuntza baino, bere gurasoen nahia betetzearren maisu lanetan hasi zen oposaketa batzuk gaindituta.
Herriko maistraren titulua lortu zuen. Lanean hasi zenerako deskubritua zuen bere bokazioa: munduaren erdian teresianen espiritualitatea biziko zuen, Aita Pobedak (berriki santu izendatua) sortu zuen Teresianen Institutoko kidea izanda. Prest zegoen, eta halaxe eskatzen zion sarritan Jaunari, Jesusen borondatea betetzeko.
Badajoz probintziako Cheles herri nekazaria izan zen bere lehenengo destinoa 1927an. Garai haietan ikasketak ez ziren baloratuak izaten nekazarien artean, eta haurrak (mutiko zein neskatxak) gurasoei laguntzen aritzen ziren denborarik gehienean. Hala ere, gure Victoriak gogotsu heldu zion lanari, eta denbora gutxian bere ikasletxoek ederki aurreratu zuten: idazten eta irakurtzen hasi, kantuan ikasi, eta bestelako lan eta trebezi aberasgarri jadetsi zituzten oso tarte laburrean. Herritarrak harrituta zeuden ikusirik maistra txiki horrek nola berenganatu zituen bere ikasle gaztetxoen karinoa hain modu errazean.
Hornachuelos izan zen bere bigarren destinoa. Herri horretan ere berehala egin zen bere ikasleen arreta eta maitasunaren jabe. Banan-banan ezagutzen zituen bere ikasleak eta beren bizitza-egoerak. Helduei ere ematen zizkien alfabetatze eta trebatze eskolak. Garai haietan zurrunbilo politikoak garrazten eta erradikalizatzen hasiak ziren. Vitoriak ez zion ideologiari begiratzen, pertsona bakoitzari baizik. Herri hartako alderdi guztietan zeuden maistra gazte haren miresleak. Han ere emakume langile gazteei ematen zizkien eskolak. Ekintza Katolikoaren batzorde bat sortu zuen herrian. Katekesia bultzatzen eta katekistei kristau formazioa ematen ibili zen... eta nondik ateratzen zuen hori guztia egiteko indarra? Eukaristiatik eta otoitzetik. Tarte luzeak egiten zituen otoitzean egunero eta horrela elikatzen zuen bere barne bizitza.
Baina ekaitza bortitz baten trumoikadak sumatzen hasi ziren 1936. urtearen inguruan. Bera ez zen sekula politikan sartu, baina antzematen zuen bere bizitza arriskuan egon zitekeela erlijioaren kontra piztu zen gorrotoaren oihartzunak herri txiki horretara ere heltzen hasiak zirelako. Nola gertatu ziren gauzak eta nola etorri zitzaion martirioa hobe da liburuan bertan irakurtzea, “Santas del siglo XX” liburuan hain zuzen, Mercedes Gordon kazetariak hain ederki kontatua.

No comments: