Total Pageviews

Tuesday, June 14, 2005

Edozein katolikok erantzuten jakin beharko lituzkeen esamesak (III)

- “Itun Zahar eta Itun Berria zenbaitetan kontrajartzen dira. Biblia Jainko ahalguztidun batek goiargitu edo inspiratua izango balitz Berak ez lituzke akats horiek onartuko”

Adierazpen hau nahiko hedatua dago, eta, batez ere, Interneten (web ateo edota “pentsaera librekoetan” bereziki). Ameriketako web-gune bateko artikulugile batek honela zioen: “Biblian sinesgaitza dena ez da Jainkoak egina dela sinestea, baizik eta pentsatzea badela norbait tontakeria horiek guztiak Jainko ahalguztidun batek idatzia dela”. Normalean, baieztapen horri Bibliako “kontrajarpen” batzuek darraizkio. Hala ere, balizko “kontrajarpen” hauen zerrendetan badira oinarrizko akats batzuk. Adibidez, Bibliaren liburuak irakurtzean, kritikoek ez dute kontuan hartzen zein jenerotan izan ziren idatziak. Azken finean, Biblia idazkera mota desberdinen bilketa da: historia, teologia, poesia edota eduki apokaliptikoa. Liburu horiek irakurtzen baditugu gaur egungo egunkari bat irakurriko bagenu bezala, nahastu egingo ginateke zeharo.
Bibliako “kontrajarpen” horien zerrendak arestian esandakoa berretsi egiten du. Har dezagun, adibidez, Ameriketako Ateoen Ligaren zerrendan agertzen den aurreneko elementua: “Izan ezazu gogotan zapatu-eguna, santu egiteko” (Irteera 20, 8); eta bestela…: “Halakoren batek, egun batzuen eta beste batzuen aldea hartzen du; bestearentzat, berriz, egun guztiak berdinak dira: egin beza bakoitzak bere barruak esaten diona” (Erromatarrei 14, 5). Hortxe, egiten deiadar ateoak, kontrajarpen argi eta garbia zegok! Baina kontuan hartzen ez duena da edozein kristauk dakiena: Kristok Itun Berria ezarri zuenean, Itun Zaharreko ospatze-eginkizunak bete eta pasatu ziren. Beraz, oso zentzuzkoa da Itun Zaharreko ospakizun-arauak baliogabekoak izaten hastea Itun Berrian. Kritiko hark kristautasun oinarri sinple hau ulertuko balu akats nabarmen hori ez luke eginen.
Ameriketako Ateoen Ligak dakarren hurrengo elementua akats berdinean erortzen da: “Badoa gizaldi bat, badator beste gizaldi bat; baina lurra beti dago geldi” (Hizlaria 1, 4); eta, sinesgabeen elkartearen ustez, Itun Berrian adierazten da “Lurra, bere elementuak eta bere baitan dagoen guztia kiskalia izanen da”. Horrela, Itun Zaharrean esaten da lurrak betirako iraunen duela, eta Itun Berrian, ostera, hondarrean deuseztatua izanen dela. Nola uztartu bi baieztapenok? Izatez, oso era errazean, testu bakoitza zein jenerotan izan zen idatzia kontuan hartuz gero.
“Hizlaria” edo “Eklesiastes” izeneko liburuan, esamolde sekularrak eta erlijiosoak nahasten dira. Horregatik, honelako esaldiak topatzen ditugu: “Jaialdiak ospaturik alaitzen dira; ardoak bizitza pozten die, eta diruak guztiari erantzuten dio” (Hizlaria 10, 19). Hala ere, liburuaren hondarrean, idazleak txanponaren beste aldea erakusten digu, erakutsi digun “jakituri” guztia baztertuz eta hauxe gomendatuz: “Nahikoa da hitzik. Esan da guztia: Jaungoikoaren beldur izan eta bete itzazu Haren aginduak, sen oneko gizona izatea horrexetan dago eta” (Hizlaria 12, 14). Irakurlea, bukaera irakurri gabe gelditzen bada, nahastuta egongo da Ameriketako Ateoen Ligako kide hura bezala. Aitzitik, liburu honetan Lurra betierekoa dela dioen ikuspuntua ukatzen denez gero, ez dugu Itun Berriarekin kontrajarpenik aurkitu, agi denez. Izatez, hau balizko “kontrajarpen” hori ezeztatzen duen argumentuetako bat baino ez da.
Bestelako Itun Zaharraren eta Berriaren arteko “kontrajarpenak” era berean erantzun daitezke. Ia kasu guztietan kritikoek testuingurua nahasten dute, jeneroa ez dute kontuan hartzen edota zentzuzko interpretazio bati ez diote zirrikiturik uzten. “Kontrajarpen-zerrenda” horiek ez lukete irizpidezko kristau bat asaldatu behar.

No comments: