Total Pageviews

Tuesday, June 14, 2005

Edozein katolikok erantzuten jakin beharko lituzkeen esamesak (IV)

- “Ez dago zertan apaizari bekatuak aitortu. Jainkoari zuzenean aitortzen ahal dizkiozu”

Ulertzekoa da protestanteek honelako argudio bat erabiltzea; izan ere, haien artean apaizaren beste ikuspegi bat ageri da. Baina katoliko batek hori esatea… etsigarria da. Nago gizakioi, garen bezalakoak izanda, ez zaigula gustatzen gure bekatuak beste bati kontatzen aritzea eta, beraz, aitzakiak bilatzen ditugu gure miseriak ez aitortzearren.
Aitortza Sakramentua hastapenetatik dugu gurekin eta Kristo berberaren hitzetan oinarritzen da: “Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet”. Eta hau esateaz bat, haien gainera arnasa bota eta hauxe esan zien: “Har itzazue Izpiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die” (Io 20, 21-23). Nabarmentzekoa da Jesusek apostoluei bekatuak barkatzeko gaitasuna ematen diela. Jakina, ez dute jakingo zein bekatu barkatu ez bazaie ESATEN zeintzuk diren bekatuok.
Aitortza praktikatu egiten zen antzina Santiagori egindako Gutunean ageri denez: “Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtz dezaten. Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bekaturik egin badu. Aitortu batak besteari zeuen bekatuak eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezen” (Santiago 5, 14-16).
Interesgarria da gogoratzea ez Santiagok ez Jesusek ez dutela esaten nahikoa denik gure bekatuak Jainkoari soilik aitortzea. Alderantziz, badirudi, barkamena nolabaiteko jendaurreko aitortzatik datorrela. Eta ez da zaila ulertzen. Bekatua egiten dugunean, Jaikoarekin dugun erlazioa ez ezik, bere Gorputzarekin, bere Elizarekin duguna ere hausten dugu. Katoliko guztiok elkarturik gaude, Aita beraren seme-alabak izaki. Hortaz, barkamena eskatzeko tenorean tartean dauden alde guztiei eskatu behar diegu, hau da, Jainkoari eta Elizari.
Demagun denda batean zerbait ebasten duzuela. Denboraren buruan, barruko harrak hozkatuta, damutzen zarete. Jainkoari barkatzeko eskatzen ahal diozue, noski, bere agindua hautsi dugulako. Baina tartean badago beste alde bat: lapurtutako gauza hori itzuli eta ekintza horrengatik ordaina eman beharko zaio dendariari. Elizarekin gauza bera gertatzen da. Aitorlekuan apaizak Jainkoa eta Eliza ordezkatzen ditu; izan ere, guk bion kontra egiten dugu bekatu. Eta berak barkatze-hitzak ahoskatzen dituenean, gure barkamena erabatekoa da.

No comments: